Fagor Industrialek, Orbearekin elkarlanean, bertako langileak autoa utzi eta bizikleta elektrikoa hartzera bultzatu nahi ditu

2019.03.05

Oñatin, 2019ko martxoaren 5ean – Fagor Industrialek, ostalaritzarako ekipamenduetan, sukaldaritza kolektiboan eta garbitegian liderrak, Orbearekin, bizikletak fabrikatzen dituen eta jatorria Euskal Herrian duen kooperatibarekin, akordioa sinatu du bertako langileen artean bizikleta elektrikoen erabilera sustatzeko.

Azken 3 urteetan langile kopurua % 17 igo denez eta, ondorioz, gero eta aparkatzeko leku gutxiago dutenez, eta ingurumena zaintzeko helburuarekin jarraitzen dutenez, Oñatiko enpresak langileei lanera joateko autoaren ordezko alternatiba eskaintzea erabaki du. Akordio honi esker, langileek Orbea markako bizikleta elektrikoa prezio ofizialarekiko deskontuarekin erosteko aukera izango dute. Gainera, Fagor Industrialek kooperatibako langile guztiei erosketa 24 hilabetera finantzatzeko aukera eman die.

Ekimenak interesa duten langileei deskontu hori duten 100 modelo baino gehiagoren artean edozein erosteko aukera eman die. Astean zehar, horietako batzuk probatzeko aukera ere izan dute, erosi aurretik bizikletara egokitu ahal izateko.

Bai langileek eta bai bazkideek ekimenarekiko interesa azaldu dute, eta % 5ak dagoeneko hartu du parte ekimenean. Gainera, autoa bizikletarekin trukatzea are gehiago sustatzeko, Fagor Industrialek 200 €ko saria emango die lehen urtean lanera joateko 50 aldiz baino gehiagotan garraiobide hori erabiltzen duten guztiei.

Neurriak Fagor Industrialen bi printzipiori erantzuten die: bazkideen eta langileen baldintzak hobetzea, eta ingurumenean duen eragina gutxitu eta jasangarritasunean ekarpena egitea. Proiektuak langileen osasuna hobetzea du helburu, eta baita ingurua zaintzea ere; martxan jarri eta hilabete batzuetara balioztatuko da hori.

“Ekimena martxan jartzean, langileei mota honetako onura soziala eskaintzea izan zen lehentasuna”, baieztatu du Jone Urzelaik, Fagor Industrialeko lehendakariak. “Gainera, ez genuen zalantzarik izan Orbearekin elkarlanean aritu behar genuela, Euskadiko kooperatiba, geu bezala. Proiektuak bi elkarteen arteko harremana estutzeko aukera eman digu, eta horrek antzeko enpresak ekimena jarraitzera anima ditzake. Azpimarratu nahiko nuke iniziatiba hau lehenengo fasea besterik ez dela izan, eta Fagor Industrialen ingurumenarekiko errespetuan eta jasangarritasunean lanean jarraitzeko konpromisoa daukagula. Horretarako, lanera autoa partekatuta edo bizikletan etortzen den oro sarituko da eta esfortzua aitortuko zaio”, amaitu du Urzelaik.

Fagor Industriali buruz

Fagor Industrial, Mondragon kooperatibako kidea, ostalaritzarako ekipamenduetan, sukaldaritza kolektiboan eta garbitegian liderra da. 60 urtetik gorako esperientzia du, eta ostalariaren egunerokoa eta beharrak ondo ezagutzen ditu; horregatik, Fagor Industrialek marka bereko produktuen gama integrala eskaintzen du. Fagor Industrial nazioarteko ONNERA Group enpresa-taldeko kide da, mundu osoan 9 lantegi eta 2.000 langile baino gehiago dituen taldea.

Fagor Industrialek, Orbearekin elkarlanean, bertako langileak autoa utzi eta bizikleta elektrikoa hartzera bultzatu nahi ditu