Fagor Industrial-etik Fagor Professional-era
2021.10.22
- Fagor Professional konpainiaren apustua da amaierako erabiltzailea negozio-prozesuen ardatzean kokatzeko eta, aldi berean, sektorearen abangoardian jarraitzeko.
- Marka komertzial berria gaur aurkeztu da HostMilano 2021 azokan, iKORE labeen belaunaldi berriarekin, Monoblock izeneko egosteko gama berriarekin, hotz komertzial berrituarekin eta Fagor Professional enpresako bezeroei zuzendutako zerbitzu digitalen MyFagor plataformarekin batera.
Oñati, 2021eko urriaren 22a – Fagor Industrial, ostalaritzarako, talde handientzako sukaldaritzarako eta garbitegietarako ekipamenduetan aitzindari, eboluzionatu eta marka komertzialaren izena aldatuko du; Fagor Professional izango da hemendik aurrera. Deituraren aldaketak bezeroari lehentasuna emateko estrategiari erantzuten dio, hura baita jardueraren ardatza. Gainera, markaren irudia berritu nahi da garai berrira zein erabiltzaileen beharretara moldatzeko. Konpainiak amaierako erabiltzailea eta banatzaileak fabrikazio-prozesuaren parte aktibo izatea nahi du; negozio-estrategiaren abiapuntu bilakatu nahi ditu eta haien iritziak eta beharrak arretaz entzunez protagonismoa eman nahi die.
Fagor Professional enpresak bere nortasun berria aurkeztu du gaur nazioarteko ostalaritza profesionaleko azokarik handienean, HostMilano 2021 azokan, hain zuzen ere. Bezeroak zein sektoreko profesionalak batzen dituen azoka honen esparruan, konpainia ekitaldiaz baliatu da irudi berria erakusteko.
“Hazi, aldatu eta eboluzionatu: azken urteotan hausnarketa estrategiko bat egin dugu eta, horren ondorioz, ikusi dugu gure markaren indarra erakutsi behar dugula; aldi berean, pertsonengana hurbildu behar dugu hori gure produktu eta zerbitzuen bidez, eta gure izenaren bidez ere bai. Horregatik, Fagor Industrial markak eboluzionatu du Fagor Professional markari bidea emateko”, adierazi du Carmelo Villanueva-k, Fagor Professional konpainiaren Foodservice zuzendariak.
Nazioarteko agerpen eta esperientzia handiei esker, edozein bezerok munduko edozein tokitan eskura ditu marka handi baten azken aurrerapen teknologikoak, profesionaltasuna eta hurbiltasuna: bezeroarengandik hurbil egotea da Fagor Professional enpresaren bermerik handiena.
Etortzeko bidean dagoena.
Marka beraren azpian produktu eta zerbitzuen gama integrala eskaintzen duen konpainiak beste nobedade batzuk aurkeztuko ditu Milanen, besteak beste, iKORE labeen belaunaldi berria, Monoblock izeneko egosteko gama berria, hotz komertzial berritua eta Fagor Professional enpresako bezeroei zuzendutako zerbitzu digitalen MyFagor plataforma.
iKORE janaria prestatzeko modua guztiz aldatuko duen labe adimendunen belaunaldia da. Sukaldari bakoitzaren beharretara moldatzen diren bi gama. Konfigura daitekeen labe profesionala, egosketaren emaitza oso zehatzak sortzeagatik nabarmena, lurruna asetzeko sistemari eta giroaren kudeaketa eraginkorrari esker. iKORE belaunaldia autonomoa da, eta errezeta adimendunak biltzeko sistema eta urrunetik ere kontrola daitezkeen sukaldeari dagozkion prozesuetarako funtzio gehigarriak ditu.
KORE Monoblock berria Fagor Professional-en ekipo modularren onura guztiak eskaintzeko diseinatu da, abantaila handiak ere eskaintzen dituen gaina bakarrarekin konbinatuta. Sukaldari bakoitzaren lanera hoberen moldatzen den antolaketa diseinatzeko aukera ematen du, eta Kore 900 gamako makina modularrak erabil daitezke edozein beharretara erantzuten duen multzo egokia diseinatu ahal izateko. Horrez gain, gaina pieza bakarra izango balitz bezala diseinatzen denez, ez junturarik ez zirrikiturik gabe, garbiketa-maila bikaina lor daiteke.
Halaber, Fagor Professional enpresak hotz komertzial berritua aurkeztu du. Hau da, markaren produktuen diseinuari dagokionez, datozen hilabeteetan produktu-familia osoan hartuko duen norabidearen lagin txiki bat, hain zuzen ere.
Beste alde batetik, konpainiak MyFagor ere aterako du, Fagor Professional-en gune digital esklusiboa, alegia. Horrek zerbitzu digitalen ekosistema hartzen du, Fagor enpresaren bezeroei negozioa eraginkortasunez hazteko aukera ematen diena. Plataforma honetan beharrezkoa den dokumentazio osoa eskuratzeko, aurrekontu profesionala egiteko, ordezko piezak ikusteko eta eskatzeko, edo konpainiaren ekipamendu guztiarekin urrunetik konektatzeko eta beste funtzio batzuk egiteko aukera ematen duten konponbide digitalak aurkituko dituzte.
ONNERA Group familiaren parte.
Sukaldaritzarako, garbitegietarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamenduen konponbideak eskaintzera zuzenduta dagoen ONNERA Group marka anitzeko enpresa-taldearen parte da Fagor Professional. 7 industria-lantegi, 35 ordezkaritza komertzial eta 2.000 langile inguru ditu mundu osoan. Gaur egun, enpresa liderra da Espainian sukaldaritzarako, ostalaritzarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamenduak eskaintzen, baita seigarrena Europan eta hamargarrena munduan ere.
“Gure jardunbideak bermatzen gaitu, eta ONNERA Group taldeko kide izateak ikuspegi estrategikoa eta bikaintasunaren etengabeko bilaketa eskaintzen dizkigu, gure bezeroei eskaintzen diegun arretan eta zerbitzuan islatzen dena. Garai berri honetan, eskakizun- eta konpromiso-maila handia duten profesionalen beharretara erantzuteko konponbideak eskaintzen jarraituko dugu, baita berrikuntza eta kalitate-estandar altuak izateko gogoa ere”, amaitu du Carmelok.
ONNERA Group, bere aldetik, MONDRAGON taldearen parte da; Euskadiko lehenengo industria-taldea eta Espainiako hamargarrena da, eta 10.000 milioi euro baino gehiagoko salmentarekin amaitu zuen 2020. urtea. Lau eremuren inguruan dago antolatuta: finantzak, industria, banaketa eta ezaguera, eta ia 80.000 pertsonek eta 250 erakunde baino gehiagok osatzen dute; horietatik 95 erakundek kooperatiba autonomoak eta burujabeak dira.
Fagor Professional enpresari buruz
MONDRAGON taldean integratuta dagoen Fagor Professional ostalaritzarako, talde handientzako sukaldaritzarako eta garbitegietarako ekipamenduak egiten dituen fabrikatzaile aitzindaria da. 60 urteko jardunbidea dauka, eta produktu eta zerbitzuen gama integrala eskaintzen du marka beraren azpian. Fagor Professional ONNERA Group nazioarteko enpresa-taldeko kide da, eta horren marka bereizgarri bat da.
Informazio gehiago eskatzeko edo elkarrizketak kudeatzeko, jar zaitez harremanetan:
LEWIS
Paula García / Alejandra Durán
FagorSpain@teamlewis.com
919 266 280 /919 266 700